Elsa Arnaiz, Talento para el Futuro-ko Presidenteari elkarrizketa

Gobernantza

By:
dot.
Narratiba berriak, Aldaketarako hezkuntza
elsa-portada

Alderdi politikoek beren gazte-erakundeak deuseztatu beharko lituzkete, gazteak umeak balira bezala ez tratatzeko. Gazteek erabat integratu behar dute alderdian, haien iritziak aintzat hartu ditzaten”.

Elsa Arnaiz Chico
Talento para el Futuro-ko Presidentea eta Zuzendari Nagusia.

dot.ek The Future Game bere analisi plataformaren bidez egindako ikerketaren parte gisa, eta Arantzazulab-ekin elkarlanean, "Z Belaunaldiaren ateismo demokratikoa", Elsa Arnaiz Chico elkarrizketatu dugu, Espainiako eragin politikoan eta eragin sozial gaztean erreferentea izan den ibilbideagatik. Elsa Talento para el Futuro-ko Presidentea eta Zuzendari Nagusia da, erabakiak hartzeko prozesuetan gazteen ahotsa ordezkatuta egon dadin lan egiten duen Espainiako lehen lobbya. Etorkizunerako Talentuak 90 erakunde baino gehiago ditu, eta horiek elikatzen eta laguntzen dute.

Zure egunerokoan ikusitakoaren arabera, zer-nolako harremana dute gazteek sistema demokratikoarekin?

Nik batik bat sumatzen dudana ezjakintasun handia da. Egia da gauza batzuk ulertzea konplikatua izaten dela, eta zenbait gaztek ez dakitela gauzek nola funtzionatzen duten. Kezka susmatzen da bizi dugun errealitateaz, eta horrek sistematik urruntzen gaitu; gainera, sistema zer den ez ezik, zer erritmo dituen ere ez dakigu. Horren ondorioz, muturreko diskurtso erradikalak ugaritu egin dira, baita hauteskundeak indargabetzearen aldekoak ere, mutilen artean arrakasta handia dutenak. Gaur egun, ez dut neska bakar bat ezagutzen hain diskurtso erradikalak dituenik; gutxi-asko ados egon daitezke halakoekin, baina ez jarrerak hain autoritarioak badira.

Zure ustez, zein dira gazteen parte-hartze politikoa pizteko giltzarriak?

Zuzeneko ordezkaritza eskatzen dute, zuzeneko botoa. Ez dute prozesua bera aintzat hartzen: proposamenak eztabaidatzea, adostea, batzorde batean aurkeztea… Sare sozialak izan daitezke horren eragileak, halakoak bakarka erabiltzen baitira, baina beste arrazoi bat ere egon daiteke tartean: asoziazionismoari eskaini behar izaten zaion denbora eta esfortzua. Asoziazionismoan ikasten da zer den sistema ordezkatzailea, zer diren eztabaidak eta zer diren adostasunak, eta gaur egun halakorik ez dago; profilak daude, gai bati buruz asko dakitenak, baina ez mamiz eta ez azalez demokratikoak ez direnak. Hori arazo bat da, zeren eta ordezkaritzaz eta adostasunen beharraz ikasteko ahala ematen duten inguruneak ez baitira denentzako modukoak.

Zure iritziz, sistemak eragiten dien kezka al du oinarri gazteen polarizazioak?

Zalantzarik gabe, oinarria beti bera da: errealitateak eta sistemak eragindako ondoeza. Egia da zenbaitek zailtasun handiak dituztela, horri ezin diogu ez ikusiarena egin. Mutil gazteek kezkatzen naute gehienbat, oso diskurtso autoritarioak dituzten influencer-ei jarraitzen baitiete ondoez horri aurre egin nahian. Gaur egun, internetek erraztasunak ematen ditu edozeinek iritziak eman eta jarraitzaile andana edukitzeko. Aldi berean, iritzi txarra dago ordezkaritzarekin lotutako edozeri buruz: gelako delegatu edo kolektibo bateko ordezkari izateaz, adibidez. Jarraitzaile asko edukitzea, horixe dago boladan. Jende kezkatuta egoteak asko arduratzen nau, eskuin muturra horri lotzen baitzaio estuen.

Ez dago gazteengan pentsamendu kritikoa pizteko gunerik, eta halakoak sortzen dituzten gazteak sistema ulertzeko pribilegioa dutenak dira, gazteriaren kontseilu bat dagoela badakitenak; gehienek, ordea, ez dute halako ezeren berri, etxean ez dutelako politikaz hitz egiten eta denek ez dutelako zientzia politikoetan doktore den aita bat. Eta horrek, hain zuzen ere, arazoaren beste alderdi batera garamatza; izan ere, gaur egun jendeari ez zaio iruditzen hezkuntzak burua jakitez hornitzeko edo pentsamendua eraikitzeko balio behar digunik; ikasketak arian-arian gainditu beharreko oztopo-lasterketatzat jo ohi dira gaur egun, oso ikuskera produktibista baitugu. Boluntariotzari edo asoziazionismoari ere produktibitatearen ikuspegitik begiratzen zaie, curriculuma betetzeko onak direlako, eta ez esperientzoa mota horiek, berez eta izatez, gozatzeko eta ikasteko aukera ematen dutelako.

Zure ustez, etorkizunean egongo al da alderdi politikorik?

Baietz uste dut, oraindik denbora asko falta da demokrazia hautsiko duen belaunaldi-erreleboa iristeko. Oraintxe bertan horretan ari dira, gaia pilpilean dago, baina urte asko gelditzen dira egoera politikoa benetan aldatzeko. Uste dut alderdi ultraeskuindar gehiago agertuko direla, baina argi dago asko kostatzen dela alderdi politikoekin esperimentuak egitea. Aurrera egiten dutenak alderdi historikoak dira beti, oinarri eta egitura sendoak dituztenak, zeren eta dena ziztu bizian ibili behar honek zaildu egiten baitie talde politiko berriei epe luzeko estrategia, epe laburreko taktika eta lurralde-kohesioa izatea. Aldatu, buruzagiak aldatuko dira, eta lidergoak gogortu egingo dira, eskuin muturreko buruzagiei aurre egiteko.

Gaur egun, ez dut herrialde bakar bat ere ikusten prozesu teknokratikoak edo zuzeneko demokrazia martxan jarri nahi dituenik; ez dut uste alderdiak edo gobernuak prest daudenik jendeak eskatzen dien dinamismo mota hori onartzeko. Dena den, sakon hausnartu beharreko elementuak dira, jada aipatu dugun egoera sozial eta kulturala aintzat hartuta zuzeneko demokrazia ezartzea arriskutsua izan baitaiteke. Datozen urteetan, dilema interesgarri honi egin beharko diogu aurre: nola zabaldu demokrazia, ikuskera berriak barneratuz baina hura arriskuan jarri gabe?

Gazteekin umeak balira bezala jokatzen dugula esango zenuke?

Zalantzarik gabe. Alderdi politikoak dira hori egiten aurrenak, haien antolakuntzatik hasita. Ez dut ulertzen alderdi bateko kide den gazte batek zergatik egon behar duen alderdiko gazteerakundean, eta ez zuzenean alderdian bertan. Oso harreman ona dut alderdi guztietako gazteerakundeekin, baina uste dut rol handiagoa izan behar dutela alderdietan. Haien parte-hartzea alderditik bereiz dagoen entitate bat izatera mugatzea gazteekin umeak balira bezala jokatzea da, eta horrela nekez sentituko dituzte hurbil. Horrez gain, uste badugu soluzioa beren kodeak erabiliz bai baina inporta zaizkien gaiez hausnartu gabe hitz egitea dela, horrek gutxi balio du, azalean geratzea baita. Batzuetan, gazteengandik gertu egoteko bidea sinpleagoa eta zuzenagoa da, ez da marketin askorik behar izaten.

Arazoa gorago aipatutakoa da: gauza guztien azkartasun eta aldakortasuna. Taldeek ez daukate astirik epe luzean estrategikoki pentsatzeko, dena da kanpainako ekitaldietan eta epe laburrean pentsatu beharra. Eta, hori gutxi balitz bezala, eraso pertsonalak eta burnout-a gero eta ohikoagoak diren garaiotan politikan jardun beharrak eragiten duen nekea ere hortxe dago. Nire ustez, arazoa da politika ez dela demokraziaren funtsezko ataltzat hartzen, inori ez zaio benetan garrantzitsua iruditzen. Ematen du ez duela zerikusirik, eta justu kontrakoa da: politika ona behar-beharrezkoa da, demokrazia ona izango badugu.

Z Belaunaldiaren ateismo demokratikoa

democracia-portada