Z Belaunaldiaren ateismo demokratikoa
Z Belaunaldiaren ateismo demokratikoa
↗ Gobernantza
↗ dot.ek egindako ikerketa bat The Future Game plataformaren bidez eta Arantzazulab-ekin lankidetzan, Z Belaunaldian demokraziak eta bere balioek duten pertzepzioari buruz.
[?] Azken urtea aintzat hartuta, zenbat aldiz sentiarazi zaituzte gaizki honako pertsona hauek? (guztizkoaren %-a)
Gizartea da azken urtean gazteak okerren sentiarazi dituen eragilea; amak, berriz, azken lekuan daude.
↗ DOT S. Coop. (2023). The Future Game. Gazteak eta osasun mentala.
Endokulturazioa hautsi duen lehen belaunaldia izateagatik da ezaguna Z belaunaldia. Pertsonei umetatik beren kulturan nagusi diren balio, ohitura, arau eta jokabideak ikasteko eta eskuratzeko balio dien prozesua da endokulturazioa. Ikaskuntza mota hori familian, eskolan, lagunartean eta komunitateko beste kide batzuekiko harremanetan jasotzen da nagusiki, bai eta hedabideen eta bestelako eragin kulturalen bitartez ere. Globalizazioak, internetek eta sare sozialek ateak ireki dizkiete belaunaldi gazteenengan sakon sartu diren diskurtso eta erreferente kultural berriei.
2023an, DCDX enpresaren "2023 3rd Annual Gen Z Screen Time Report" txostenaren arabera2, Z belaunaldiko 15 eta 27 urte arteko estatubatuar gazteek zazpi ordu eta zazpi minutu eman zituzten egunero batez beste beren telefono adimendunen aurrean, hau da, 2022an baino % 6,5 denbora gehiago, batez ere TikTok, Instagram, Youtube eta mezularitzan. Sarean igarotako denboraren ondorioz, gerta daiteke gazteek gertukoagotzat jotzea beste kontinente bateko norbait, oso bestelako kode kultural eta sozialak dituena, bere ingurukoak baino.
Endokulturazioaren bitartez, pertsonek beren kultura-nortasuna eskuratzen, pertenentzia-sentimendua garatzen eta beren komunitatean behar bezala funtzionatzen ikasten dute. Aipaturiko hausturaren eraginez, eta hedabideek gazteei buruz normalizatutako diskurtso negatiboak tarteko, belaunaldiarteko arrakala handitu egin da kohesioari eta pertenentzia-sentimenduari dagokienez.
↗ Z Belaunaldiaren erreferente kulturala den @danelicioustm-en Instagrameko profilean argitaratua.
Gazteen adierazpen eta ikuskeretan, gertuko, erreferentziazko eta konfiantzazko komunitate baten bilaketa etengabea da, bai eta sareak ehundu nahia ere, emozionalki, sozialki eta profesionalki ez erortzeko. Ingurunearekiko eta etorkizuneko narratiba global ez oso ilusionagarriekiko deskonexioa barruraino sartua dute, eta desasoseguaren sentipenak bultzaturik, etorkizunean konfiantzazko lagunekin sistema komunitario bat eraikitzeko aukera idealizatzen dute.
[?] Zer debekatuko zenuke sistema berri horretan? (aukeratu 3)
↗ DOT S. Coop. (2024). The Future Game. Gazteak eta ateismo demokratikoa.
Demokrazia babesaren kontzeptua aintzat hartuta sendotzeko ideia Z belaunaldiaren muin-muinean dago. Helduarora eta emantzipaziora iristeko urratzen ari diren bidean, koiuntura sozioekonomikoak zurztasun-sentimendu erabatekoa eragiten die gazteei, eta estatuaren rola aldarrikatzen dute, sentimendu horri aurre egin eta segurtasuna bermatzeko. Ez dute mehatxu argirik identifikatzen, baina bai izu potentzialen amalgama bat (klima-aldaketa, inflazioa, etxebizitza eskuratzeko ezina…), eta gune seguruen beharra defendatzen dute oroz gain, beren funtzio zibikoa sistema demokratikoaren baitan antolatzeko.
Errealitateak sortzen dien kezka dute denek abiapuntu, baina kezka horri aurre egiteko bideak desberdinak dira, gazteak zein segmentutan dauden aintzat hartuta. Errealitateak berengan pizten duen etsipenaren ondorioz, gazteek pertenentzia- eta identifikazio-narratiba komunak bilatzen dituzte sistemaren kontra.
“Sektore, autonomo eta herritar guztien arteko elkargune nazionalaren alde lan egingo du Junta Demokratikoak, nahikoa jende garenean zergarik ez ordaintzeko. Diktaduraren aurka, intsumisio fiskala".
↗ Instagram. (d./g.). Instagram. Azken aldiz 2024ko ekainaren 6an ikusia @juntademocratica-ren profilean.
“Langileok zanpatuta gauzkate, enpresari handiek negozioa egiten jarraitu ahal izateko. Soldatak jaitsi dituzte, eta produktu gehienen prezioa igo; zerbitzu publikoak murriztu dituzte, eta eskubide politikoak ezereztu.
(...)
Ezarri zaigun bizimoduaren aurka, sozialismoaren bidean jarraitzea dagokigu. Kalitatezko bizibideak lortzeko, lan-baldintza ezegonkorrak desagerrarazteko eta borrokarako behar ditugun eskubide politikoak eskuratzeko, gazte langileok lehen lerroa hartuko dugu".
↗ Instagram. (d./g.). Instagram. Azken aldiz 2024ko urtarrilaren 6an ikusia @gksozialista profilean.
[?] Zer eskubide aitortzen dizkie estatuak sortu nahi duzuen mundu berriko biztanleei? (aukeratu 3 gehienez)
↗ DOT S. Coop. (2024). The Future Game. Gazteak eta ateismo demokratikoa.
Ikerlanean parte hartu duten gazteek muineraino sartua dute demokrazia eta berdintasuna elkarri uztartuta daudelako ideia. Berdintasun soziala funtsezko printzipiotzat daukate, gizarte bateko herritar guztiei, norberaren jatorri sozioekonomikoa, generoa, etnia, sexu-orientazioa, erlijioa edo beste edozein ezaugarri gorabehera, baliabide guztiak eskuratzeko ahala eta eskubidea bermatzea helburu duen aldetik.
Zenbait gizataldek hezkuntza-, lan-, ekonomia- eta gizarte-aukera guztiak baliatzeko aurkitzen dituzten hesiak eraistea defendatzen dute, eta, hori dela eta, gizon-emakumeek, jaiotzatiko beren zirkunstantziak edo egoera sozioekonomikoa zeinahi direla ere, beren potentzialtasuna garatu eta beren xedeak lortzeko ahala izatearen alde agertzen dira. Gazte horiek ↗ 2024ko apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu ziren alderdi politikoen hauteskunde-programen irakurketa itsua egin zuten. Gizarte-ongizatearen sistema hobetzearekin estuen lotutako proposamenek lortu zuten aldeko boto gehien.
Diskriminazio eta aurreiritzi orori aurre egitearen alde egiten dute argi eta garbi, berdin da arrazoia generoa, arraza, etnia, sexu-orientazioa edo beste edozein ezaugarri den, eta hori elementu giltzarria da etorkizunerako nahi duten sistemaren pertzepzioan. Gizabanako guztientzako aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko neurriak hartu beharra defendatzen dute, bai eta gizarteko esparru guztietan inklusioa eta aniztasuna sustatu beharra ere. Alderdi horrek berebiziko garrantzia du belaunaldi honetako gazteentzat, haiek izan baitira identitateari buruzko eztabaida publikoari ekin diotenak, eta, alde horretatik, beren nortasunaren elementu giltzarritzat jo daiteke.
Aberastasun eta baliabideen banaketari dagokionez, birbanaketa-politikak ezartzearen aldekoak dira, aberastasun eta baliabideak modu justuagoan banatzen direla bermatzeko.
Psikologo klinikoak jarriko ditugu hezkuntza-sisteman, eta prebentziorako eta osasun mentalaren sustapenerako programa espezifikoak inplementatuko Lehen Mailako Arretako zentroetan. SUMAR.
Osakidetzak aho-hortzen osasunean, oftalmologian eta osasun mentalean eskaintzen dituen zerbitzuen zorroa handitu egingo dugu, eta plan integral bat proposatuko, suizidioaren, elikadura-nahasmenduen eta ludopatiaren prebentzioan arreta jarrita. SUMAR.
Herritarren Eskabideen Batzordea sortuko dugu, sinbolikoki 76. aulkia eratuta. Herritarren eskabide indibidual eta kolektiboak eztabaida parlamentarioaren bidez zuzenean Eusko Legebiltzarrera bideratzea da kontua, herritarrek osoko bilkuretan ahotsa dutela bermatuta. Elkarrekin Podemos.
Adingabeen xalotasuna zainduko dugu botere publikoetatik, ingurune digitaletako arriskuetatik babesteko: adikzioetatik, xantaietatik, ziberjazarpenetik eta zenbait delitu jasateko duten zaurgarritasunetik. VOX.
Arauak aldaraziko ditugu, eta ingurumenaren aurkako erasoak orain baino gogorrago zigortuko, batez ere gune babestuen aurkakoak, legearen eraginkortasuna eta disuasio-ahalmena hobetzeko. Elkarrekin Podemos.
Euskadiko Irakurketa Mapa sustatuko dugu, gerora irakurketaren sustapenerako politikak garatzeko oinarrizko baliabide den aldetik. PSE.
Herritarren Eskabideen Batzordea sortuko dugu, sinbolikoki 76. aulkia eratuta. Herritarren eskabide indibidual eta kolektiboak eztabaida parlamentarioaren bidez zuzenean Eusko Legebiltzarrera bideratzea da kontua, herritarrek osoko bilkuretan ahotsa dutela bermatuta. Elkarrekin Podemos.
Trafiko-pilaketak gutxitzeko neurriak inplementatuko ditugu, hala nola bidesariak herri-hirietan, emisio gutxiko eremuak, zirkulazio-murrizketak oso kutsagarriak diren ibilgailuentzat, eta telelanaren eta ordutegi-malgutasunaren sustapena. Elkarrekin Podemos.
Adingabe eta gazteentzako estrategia global bat sortu eta jarriko dugu martxan, ziberjazarpenari, pornografiari, online-jokoei eta sare sozialen kontsumo arduragabeari aurre egiteko. Alderdi Popularra.
Enpresa-eredu inklusibo bat sustatuko dugu, parte-hartze eta inplikazio-maila handikoa. Horretarako, langileek hiru esparrutan parte hartu dezatela bultzatuko dugu: kudeaketan, emaitzetan eta jabetzan. EH Bildu.
Euskadira bizitzera etortzen direnen nortasun-elementuak errespetatu, zaindu eta garrantzitsutzat joko ditugu, eta, aldi berean, gure nortasun eta balioetara erakarriko ditugu. Pertsona horiek euskal gizartean erabat errotuta dauden balioak bereganatu ditzaten ahaleginduko gara, emakume eta gizonen arteko berdintasuna esate baterako, gure gizartea errespetatu eta bertan integratzeko aukera izan dezaten. Orobat, euskalduntzeko bideak emango dizkiegu. EAJ.
Enpresei baldintzak ezarriko dizkiegu maileguak eta dirulaguntzak eskatzeko, eta, besteak beste, irabazi-maila jakin batera iristean, laguntzaren zati bat itzuli beharko dute. EH Bildu.
Zerga-pizgarri, -kenkari eta/edo -hobariak proposatuko ditugu beren lehen lan-jarduera Euskadin hastekoak diren 30 urte baino gutxiagoko gazteen kontratazio egonkorrerako. Alderdi Popularra.
Euskadiren nazio-aitortza. Autogobernua eguneratzeko akordioa egiten denerako, Euskal Herriaren identitate nazionala aitortzea proposatzen dugu. Hala, aitortza horrek aintzat hartuko du euskal gizartean hain zabalduta dagoen naziotasun-sentimendua. EAJ.
Metodologikoki kontrastaturiko proposamenak sustatuko ditugu arrazoibide matematikoa indartzeko eta etapa guztietan gai horren ikaskuntza hobetzeko. EAJ.
Hezkuntza-sistema publikoa garatuko dugu, hura Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzura jarrita, euskalduna, koezitzailea, pedagogia feministetan oinarritua, inklusiboa, parte-hartzailea, laikoa, demokratikoa, komunitarioa eta publikoa izan dadin. EH Bildu.
Politikarien ongizatea murriztuko dugu, pentsioak bermatzeko. VOX.
Edari energetikoen eta/edo edari azukredunen kontsumoa gutxitzeko kanpainak sustatuko ditugu, eta halakoak zentro eta esparru publikoetan saltzea debekatuko. SUMAR.
Ingelesa hizkuntza erreferentzial bihurtuko dugu lanbide-heziketan, ikasleen lan-aukerak areagotu eta enpresen nazioartekotzea errazteko. PSE.
Zigor Kodearen erreforma sustatuko dugu emakumeak benetan babesteko, eta sexu-delituengatiko zigorrak gogortu eta espetxealdi iraunkorra ezarriko dugu bortxatzaile eta hiltzaileentzat, krimen krudelenen egileak kalera ez itzultzeko. VOX.
Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzuan lanpostua lortzeko euskara eskatzea bertan behera uztea proposatzen dugu, harik eta langileak egonkortzen diren arte. Alderdi Popularra.
“Frankismoaren herentzia argia da oso, batez ere erakundeetan. Esango nuke ez dugula gure iragana aski berrikusi, epaile, fiskal eta estatuko segurtasun-zerbitzuen aldetik esate baterako. Francisco Francoren oinordeko nabarmen asko dabiltza botere-karguetan, bai politikan eta bai ustez gure segurtasuna babestu beharko luketen organo instituzionaletan".
[?] Gaur egungo zer hiru organo instituzional eramango zenituzke etorkizuneko sistema berrira?
↗ DOT S. Coop. (2024). The Future Game. Gazteak eta ateismo demokratikoa.
Gazteek justiziarenganako duten desafekzioa nabarmena da, bai sistemarenganako eta bai bitartekaritza-mekanismo fisikoarenangako dutena. Haustura sakona dago demokrazia eta justizia kontzeptuen artean, eta gazteek ez dute inola ere uste sistema demokratiko baten alde egiteak justizia independentea dakarrenik berekin. Uste horren arrazoien artean, hona hemen bost:
Injustiziaren pertzepzioa
Lege-sistema bidegabetzat edo zenbait gizarte-talderen aldekotzat daukate. Baliteke hori esperientzia pertsonalen ondorio izatea, edo kasu mediatikoak egotea tartean, sistema judizialaren partzialtasuna eta diskriminazioa adierazten dutenak.
Justiziara jotzeko ezintasuna
Lege-baliabide egokietara iristeko hesiak dituztela sentitzen dute gazteek, eta ez dute uste sistema judizialak beren interesak modu justuan ordezka ditzakeenik.
Esperientzia txarrak
Justiziarenganako konfiantzarik ezaren eragile dira gazteek aurretiaz lege-sistemarekin izandako esperientziak, hala nola atxiloketa injustuak, agintarien eskutik jasotako tratu bidegabea eta lege-prozedura nahasi edo larderiazkoak.
Inpunitatearen pertzepzioa
Delituek ondorio errealik ez dutela ikusteak, batez ere halakoen atzean eragin handia edo pribilegio sozioekonomiko nabarmenak dituztenak badaude, lege-sistema eraginkorra edo justua ez delako ustea eragin ohi du.
Ordezkaritzarik eta parte-hartzerik eza
Gazteei iruditzen zaie lege-sistemak ez dituela behar bezala ordezkatzen, edo ez dutela ahotsik beren bizitzari eragiten dieten prozesu judizialetan, eta horrek justiziarenganako duten konfiantzarik eza areagotzen du.
“Istiluetan sartuta ibili direnak nola zigortu erabakitzearen ardura Janoren gain uztear egon naiz (adimen artifizialarenean), baina arazoa saihestea iruditu zait. Talde nagusiak erabaki behar duela jarri dut, zeren eta besteak, polizia bat sortzea, kameren eta AAren bidezko kontrola eta bizilagunen salaketa, alferrikakoak iruditzen baitzaizkit epe luzean”.
“Nire ustez, gurea bezalako testuinguruetan zaila da halako egoerak gertatzea, baina, nolanahi ere, uste dut ekintza biolento edo diskriminatzaileek zigorra merezi dutela. Giza Eskubideen Adierazpenean oinarriturik, haren balio eta printzipioei aurre egiteak zigorra merezi du. Horretan ez naiz batere berritzailea: aldez edo moldez, modu gutxi-asko demokratikoan, uste dut justizian, agintean eta segurtasun-indarretan oinarrituriko egiturak direla alternatiba bakarra, oso gogoko ez baditut ere. Niri iritziz, epaitegietara jotzeko aukera izan behar dugu, eta poliziak betearazi behar ditu epaileen erabakiak”.
Ez dute aintzat hartzen justizia ez defendatzearen ondorioa gizartean desberdintasunak eta diskriminazioa betikotzea izan daitekeenik, ez baitute uste legeak talde marjinatu eta zaurgarrienen berdintasuna berma dezakeenik.
Demokraziaren eta zuzenbide-estatuaren arteko lotura erabat desegiten da. Sistema judizialari legitimazioa kentzeak polarizazio soziala eta zuzenbide-estatuarenganako errespeturik eza dakartza berekin, eta erakunde demokratikoez ez fidatzeak ateak irekitzen dizkie demokratikoak ez diren diskurtsoei, eta halakoek oihartzuna izan dezakete belaunaldi berriengan.
“Kontua ez da Espainian ez dela existitzen hain gogoko dugun Montesquieuren botere-banaketa kontzeptua, baizik eta ematen duela Espainian Montesquieuren eskuliburua hartu, han esaten direnei buelta eman, eta dena zaku berean sartu dugula. Gobernuak, argi esanda, nornahiri indultua emateko ahala du, ez dago mugarik. Gobernuak orobat egiten ditu legeak, hortxe ateratzen dira ministroak "legeak egiten ari gara” esaten; gero, botere-banaketaz hitz egiten dute, demokrazia aurreratu batean biziko bagina bezala. Akaso neu egongo nahiz nahastuta, irakurritako liburua demokraziari buruzkoa ez delako”.
↗ Instagram. (d./g.). Instagram. Azken aldiz 2024ko ekainaren 13an ikusia @juntademocratica-ren profilean.
Gazte langileen kriminalizazioa eta errepresioa deuseztatzea
Agintariek otzan eta esaneko nahi gaituzte, pobreziara eta autoritarismora ohituta, lan-indar huts, datorren kapitalaren ziklora egokitu gaitezen. Gazteen garapena eta ahalduntzea sustatu nahi dutela esaten dute, baina eskubiderik gabeko subjektu gisa tratatzen gaituzte aldi berean.
Ezinbestekoa da gazte langileek jasaten duten jazarpena salatzea, eskubideen aldeko dinamikak sortzea eta gazteen kriminalizazioari aurre egitea. Enpresari handiak eta politikari profesionalak dira benetako kriminalak, jendea pobreziara eraman, oinarrizko zerbitzuak hondatu, eskubideak indargabetu eta era guztietako zapalkuntzak betikotzen dituztenez gero. Haiek dira zinez kontrolpean eduki behar ditugunak.
Eskubide politikoen alde borrokatzea
Gizarte aske bateranzko pausoak emateko, eskubideak ahalik gehien zabaldu behar dira, arlo guztietan zabaldu ere: eskubide zibilen arloan, arlo ekonomikoan, antolaketa politikoaren arloan, etab. Eskubideak borrokaren bitartez irabazten dira, langile-klaseak belaunaldiz belaunaldi frogatu duen bezala, eta argi jakin behar dugu lorpen horiek sozialismoa eraikitzeko urratsak direla. Alde horretatik, burgesiaren eraso politikoaren aurrean politika modu independentean egiteko baldintzak defendatzea eta martxan jartzea dagokigu gaur egun. Baina, aldi berean, gero eta eskubide gehiago lortuz joan behar dugu gazte langileok, eta horren alde borrokatu.
Beste belaunaldi batzuentzat ez bezala, guretzat mundu berriak eraikitzea ez da etorkizuneko kontua, gaur egun hori egitea posible baita aurrerabide teknologiei esker. Gizakien eta makinen arteko gerrei buruzko zientzia-fikziozko istorio distopikoek arrasto sakona utzi dute imajinario kolektiboan, eta Z belaunaldiak ez du auto hegalariekin amets egin nahi, gazteek ez baitute uste teknologia irudimen positiborako eremu emankorra denik.
Abiapuntu moduan, gazte horientzat Adimen Artifiziala ez da, inola ere, gizarte-eraldaketarako tresna potentzial bat. Teknologiari buruzko eztabaida etikoan sakon oinarriturik, eta teknologia erabat baztertzen ez badute ere, gaur egun gazteek informazioa biltzeko baizik ez dituzte erabiltzen baliabide mota horiek.
[?] Zer arlotan emango zenioke botere absolutua AAri, baldin eta arlo horretan hutsik ez egiten laguntzea nahiko bazenu? (guztizkoaren %-a)
Gazteek ingurumenaren babesarekin lotutako hutsegiteak galarazteko erabiliko lukete AA.
Gizonei diru-inbertsioak egiteko iruditzen zaie fidagarria AA (% 29,1), eta, neurri apalagoan, baita ibilgailuak gidatzeko ere (% 25,5).
↗ DOT S. Coop. (2022). The Future Game. Gazteak eta humanismo digitala.
[?] Zure ustez, Adimen Artifizialak bere identitatea izan beharko al luke, erabakiak automatikoki hartzeko? (guztizkoaren %-a)
Euskal gazteak zatituta daude, baina gehiengo estu batek ez luke nahi AAk entitate propioa eta erabakimena izaterik.
Emakumezkoak dira AAk bere identitatea izaterik ez luketela nahi dioten gehienak (% 41,9).
↗ DOT S. Coop. (2022). The Future Game. Gazteak eta humanismo digitala.
dot. enpresak 2022an humanismo digitalaz eta gazteez egindako ikerlan baten arabera, adimen artifizialaren gaineko galderei erantzutean, gazteek teknologiaren erabileraz konfiantza zutela adierazi zuten, erabakiak hartzean informazioa lortzeko baliabide den aldetik. Nolanahi ere, zalantzak ere agerian uzten dituzte datuek, batez ere teknologia boterez edo are giza ezaugarriz hornitzeari dagokionez.
Z belaunaldiko gazteen iritziz, teknologiaren ahalek ez dute berez berrikuntza demokratikorik ekartzen. Aurrerapen zientifikoak orainaldi jarraitua dira, ziztu bizian ari gara berritzen mutazio genetikoen alorrean edo adimen artifizialarenean, baina, hala ere, gazteek etorkizunerako zer nahi duten identifikatu beharra daukate, eta apokaliptikoak ez baizik eta desiratuak diren etorkizunen, sistema sozial berrien, harremanak egiteko eta erabakiak hartzeko modu berrien gainean ikasi, gizarte teknologiko berri bat eraikitzearekin batera. Ez dute trantsizio hori gaur egungo sistemaren erreplikatzat hartzen, baizik eta jokalekua bera birpentsatzeko abagunetzat.
Teknologiak garrantzi handiko lekua du gazteen bizitzan eta identitatean, eta ez beti onerako. Alde batetik, teknologiak beren ongizate emozionalean duen inpaktu negatiboaz jabetuta daude, eta, hori dela eta, alarma guztiak piztuak dituzte teknologiak botereguneak betetzeari dagokionez; eta, bestetik, badakite zein beharrezkoa den burua istorio inspiratzailez betetzea, horrek eraiki beharreko etorkizunaz gogoeta egitera eta gogoa berotzera bultza ditzan, kontziente baitira gure kode legal, etiko eta moralak berrikustera behartzen dituen aro bateko seme-alabak direla. Mundu heredatuak eragiten dien kezkaren ondorioz, belaunaldi gazteenek errezeloak dituzte teknologiak iragana erreplikatzeko erraztasunak ematen dituelako ideia onartzeko.
"Gure askatasuna benetan aintzat hartzen badugu, onartu behar dugu izan garena aldatzeko nahia bera ere haren parte dela, eta horrek egoera gutxi-asko iragarrezinak eragiten dituela. Eta, hori dela eta, ustez prediktiboak diren algoritmoak oso kontserbadoreak dira. Gure etorkizuna gure iraganaren erreprodukzio hutsa izango delako hipotesia etengabe formulatzen dutelako dira prediktiboak, baina ez dira sartzen pertsonen eta gizarteen subjektibotasun konplexuan, eta eremu horretan desirak eta asmoak ere planteatzen dira".
TikTokek, sare sozialen plataforma ospetsuak, bideo laburrak sortu, zabaldu eta deskubritzeko aukera ematen die erabiltzaileei, 15 segundotik minutu batera bitarteko iraupena duten bideoak gehienetan, eta sekulako arrakasta du. 2020. urtearen hasieran, 40 milioi erabiltzaile zituen; abuzturako 100 milioira iritsi ziren, eta gaur egun 150 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu, konpainiaren datu publikoen arabera. Adikzioa eragiteagatik bereizten da, batez ere belaunaldi gazteenen artean.
TikToken zirkulatzen duen eduki politikoa formatu laburreko bideoen bidez zabaltzen da; oso bideo hunkigarriak izan ohi dira, ez albiste profesionalen kontuak edo iturri fidagarriak, eta normalean pertsona bakarrak aurkezten ditu, bere esperientzien berri emateko. Komentario bizi-bizien eta zuzenean hitz egiten duen jendearen iritzi-sorten ondorioz, analisi eta eztabaidek guztiz egiazkoak, lagunartekoak eta errealak dirudite, baita esaten dutenaren edukia engainagarria edo osatugabea bada ere. TikTokek esperimentatzeko leku bat eskaintzen die gazteei, herritar ona izatea zer den probatu eta beren identitate eta diskurtso politikoa perfekzionatzeko leku bat. Columbia Unibertsitateko Ioana Literat ikertzailearen arabera: “TikTok desafio bat da kanpoko behatzaileontzat: diskurtso politiko horrek iraganekoaz bestelakoa dirudi, baina horrek ez du esan nahi guztiz kezkatzekoa denik. Era horretako adierazpide politikoak autodeskubrimendu politiko handiago baterako abiapuntu izan daitezke, eta prozesu politikotik gertuago egoteko bidea eman dezakete”.
Erabiltzaileentzat atsegina den edukia eskaintzeko diseinaturiko algoritmoa berariaz prestaturik dago indarrean dauden iritzi politikoak indartzeko. Gaiari buruzko lehen ikerlanen arabera, TikTok polarizazioa bazkatzen ari da, erabiltzaile bakoitza kamera pertsonal baten aurrean jartzen, bere burua sendotzeko.
Espazio politiko paralelo horren aurrean, ez dago ahazterik TikToken kanpaina politiko ofizialez bestelako kanpaina paraleloak antolatzen dituztela, eta halakoek, inolako zalantzarik gabe, eragina dutela, epe labur eta luzean, belaunaldi gazteenen pertzepzio eta corpus demokratikoan.
"Gazteen % 40k, bilaketaren bat egin nahi badu, ez du Google erabiltzen, TikTok edo Instagram baizik".
Mendebaldeko Europan eta Ipar Amerikan, batez ere XVII. eta XIX. mendeetan, demokrazia liberalak sortu zituztenetik, demokrazia ordezkatzailea, eskubide indibidualak eta askatasun zibilak babesten dituen gobernu modu horren defentsa irmoa egin izan da. Gaur egun, ordea, demokrazia liberalak kritikapean daude, eta desafio itzelak dituzte ate-joka, hala nola askatasun zibilen gainbehera, diruaren eragina politikan, populismoa eta polarizazio politikoa, besteak beste.
Askatasun indibidualaren aldeko historia etengabeko borroka eta bilakaera baten historia da. Aurreneko filosofo greziarretatik hasi eta eskubide digitalei buruzko eztabaidetaraino, askatasun indibidualak babestu eta hedatu nahia etengabea izan da giza zibilizazioaren bilakaeran. Gaur egun, dena den, gizarte-mugimendu nagusiak —emakumeena, LGTBIQ+ komunitatearena, talde etnikoena, identitate ekologikoena—logika identitarioen arabera egituratzen dira, eta politika identitarioak eztabaida publikoaren erdigunera eraman dituzte. Gerra kultural horretan, batetik, ordezkapenik ez duten kolektiboak daude, eta, bestetik, berriz, ordezkaritza handiagoa duten kolektiboak, beren askatasunak galtzen ari direla susmatzen dutenak.
Z Belaunaldiko erreferente kulturalak diren Rosalíak eta Ibai Llanosek X plataforman argitaratutako adierazpenak.
Berdintasuna vs askatasuna desafioaren aurrean, belaunaldi gazteenek ekitate sozialaren alde egiten dute, baita horrek askatasun indibiduala sakrifikatu beharra badakar ere. Ez daukate askatasuna defendatu behar izateko argudiorik, eta ez dute uste askatasunak galtzeko arriskuan daudenik. Baliteke hori, hein batean, askatasunak borroka sozialik gabe heredatu izanaren ondorio izatea, baina interesgarriagoa izan daiteke uste izatea arauzkoak ez diren identitate desberdinen aitortza askatasunen aldeko borroka iritsi aurreko pausoa dela. Borroka kulturaletan, mugimendu atzerakoienak izan dira askatasunaren banderapean jardun eta babesgune eta konkistagune hori gazteek beren gizarte-ehuna eraikitzeko proposatutako politika identitarioen kontra erabili dutenak. Horren ondorioz, askatasun terminoak ez du batere lekurik gazte-borroken imajinarioan.
[?] Zer oinarritan bermatu beharko luke sistema berriak?
↗ DOT S. Coop. (2024). The Future Game. Gazteak eta ateismo demokratikoa.
Sarritan, gobernuek segurtasun nazionalaren eta askatasun indibidualen babesaren arteko oreka bilatu behar izaten dute, eta horrek tirabirak eta eztabaidak sortu ohi ditu segurtasunaren izenean askatasuna mugatu beharrari buruz. Gobernuek ongizatea bermatu behar dutela aldezten dute gure gazteek.
Kolektibo minoritarioak susmopean jartzen dituen askatasun indibidualaren idealizazioak eta erromantizazioak xede hori defendatzearen kontrako erreakzioa eragiten du. Fragmentazio horren ondorioz, gazteak sistema ez hain demokratikoen alde lerratzea da arriskua gaur egun, zergatik eta sistema mota horiek zuztar-zuztarretik defendatzen dituztelako gizarte berdinzaleak.
“Gustatu zait gorrotoa-eta pizten duten komentarioak egiten dituzten taldeekin/pertsonekin jokatzeko moduari buruzko galdera. Halakoak legez debekatzearen aldeko aukeraren alde egitear egon naiz, baina zigortu behar horrek atzera eginarazi dit, eta bizikidetza-programen alde egin dut azkenean, nahiz uste izan happyflower samarra izaten ari nintzela”.
Espainiar gazteek Europaz duten iritziari buruz Talento para el Futuro eta Polietika plataformek egindako ikerlan batean, alde nabarmenak daude gizonek eta emakumeek defendatzen dituzten balioen artean. Emakumeek berdintasuna eta eskubide eta askatasunen bermea jotzen dituzte balio nagusitzat, eta gizonek, berriz, askatasuna eta justizia.
[?] Zer balio dira garrantzitsuak zuretzat? 18-24 urteko gizon eta emakumeen erantzunak.
↗ Talento para el Futuro eta Polietika, (2024). Maitasunaren eta ghostingaren artean - Espainiar gazteak Europaren aurrean.
Sare sozialetan, mutil gazteei estu-estu lotutako hazkunde pertsonaleko diskurtsoak nabarmen ugaritu dira. Meritokrazian eta arrakasta lortzeko lan pertsonalean oinarritzen dira, baina balio kontserbadoreak ezkutatzen dituzte. Anita Fuentes ikertzailea da UCMn, eta hauxe idatzi zuen El Pais egunkariko artikulu batean: “Batez ere mutil gazteek, haiek ibiltzen baitira gehien plataforma digitaletan, mezu kontraesankorrak jasotzen dituzte: batetik, mezu feministak; eta, bestetik, beren aurrerabideen kontrako mezuak. Mezu kontraesankorrak jasotze horrek frustrazioa eta ondoeza eragiten ditu, eta, hori dela eta, gizon askok beren maskulinitatea azpimarratzeko moduak bilatzen dituzte”.
Egoerak, egia esan —hala interpreta daiteke, neurri batean—, paralelismoa du Industria Iraultzan gertatutakoarekin. Industria Iraultzaren ondoren, gizakia ordezkagarri bihurtu zen bat-batean, eta gizarte-egiturak ahuldu egin ziren. Garai hartan bezala, gaur egun ere, adimen artifizialak eta beste aurrerabide batzuek iraultza erabatekoa ekarri dutenean, garapen teknologikoa hain da bizia, ezen identitateak ez baitira haren erritmoari jarraitzeko gai.
↗ Novoa, R. (2024ko maiatzaren 8a). “El hombre proyecto”: la defensa de una masculinidad conservadora inunda los podcasts. Ediciones EL PAÍS S.L.
Endokulturazioak ekarritako haustura ez da belaunaldi honekin lotutako fenomeno bakarra. Interneteko algoritmoek oihartzun-ganbera deritzenak sortu dituzte, erabiltzaileek beren ideiak zabaltzeko eta usteak indartzeko erabiltzen dituztenak. Hori gutxi ez, eta mezu biribil-biribilen kontsumo azkarrak ere norberaren diskurtsoak etengabe berrelikatzea besterik ez dakar, kontra egiten digutenei atea itxita.
Demokrazia Militante terminoa XX. mendean sortu zen, Europako demokraziak kolokan jarri zituzten mehatxuen testuinguruan, batez ere mugimendu totalitario eta autoritarioekin lotuta —faxismoarekin eta komunismoarekin, zehatz esatera—. The Future Game plataforman parte hartu duten gazteak, itxuraz, bat datoz terminoak berekin dakartzan zenbait mekanismorekin, bai eta jarduera antidemokratikoak prebenitzeko eta eragozteko neurri legal eta politikoak hartzearekin ere.
COVIDaren pandemiak mahaigaineratu zuen lehenengoz hauteskunderik ez egiteko aukerari buruzko eztabaida. Gazteak dira hauteskundeak bertan behera uzten edo atzeratzen dituztenean gutxien haserretzen direnak. Haiek dute konfiantza gutxien hauteskundeen liturgian, hauteskundeak demokraziarekin gutxien lotzen dutenak. Gazteek dakarten mundua balioz josita dago, baina demokrazia ordezkatzailearen eta haren erakundeen defentsa ez daukate eginkizun nagusitzat. Belaunaldiarteko arrakala bete-betean gaude.
[?] Bi aukera hauetatik zein iruditzen zaizu demokratikoena? (demokrazia ulertzen duzun modutik gertuen dagoena)
↗ Arantzazulab, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea. (2023). Demokraziari buruzko ulermenak gurean.
Gazteek, gutxi parte hartzen dutela edo batere ez dutela parte hartzen dioten diskurtso ugariak gorabehera, jarduera asko egiten dituzte beren komunitateetan. Egia da adierazle demokratikoek, hala nola hauteskundeetako parte-hartze mailak eta alderdi politiko eta elkarteetako militante kopuruak, oso nabarmen egin dutela behera, baina, hala eta guztiz ere, gazteek beren komunitateetan duten parte-hartze mailak handia izaten jarraitzen du.
Horiek horrela, The Future Game-rako hautatutako gazteek areago parte hartzearen alde egiten dute, eguneroko bizitzan inplikatzearen alde, baita jendea erabakiguneetan parte hartzera behartzearen alde ere. Entzun ditzatela eta erabakiak hartzean beren iritzia kontuan izan dezatela nahi dute, baina ez kontsulta batean parte hartuko balute bezala, baizik eta parte-hartzearen esparrua bera birdefinituta. Parte-hartze esparruak berriz definitzea eta gazteen parte-hartzerako gune digitalak erabakiak hartzeko gune kolektibo bihurtzea: horra hor ate-joka dugun erronka nagusietako bat.
[?] Nola banatu nahiko zenuke ondorengo jarduera bakoitzeko eguneko nahitaezko orduen kopurua?
↗ DOT S. Coop. (2024). The Future Game. Gazteak eta ateismo demokratikoa.
Demokrazia liberaletako ordezkaritza-krisia fenomeno konplexua da, eta eztabaida akademiko eta politiko bizi-biziak piztu ditu. Sistema demokratiko ordezkatzailea herritarren interes eta premiei erantzuteko eraginkortasunik gabe funtzionatzen ari delako pertzepzioak eta ebidentziak sortua da krisia. Arazoa konpontzeko estrategien artean, hainbat konponbide proposatu dira gaur egungo arrakalari aurre egiten saiatzeko, hala nola inklusioa bermatzeko hauteskunde-erreformak egitea, gardentasuna eta kontuak emateko mekanismoak areagotzea, eta herritarren parte-hartzea handitzea zuzeneko demokraziaren bidez.
[?] Zure ustez, zer neurritan axola zaie politikariei zure moduko jendearen iritzia? (guztizkoaren %-a)
↗ Arantzazulab, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea. (2023). Demokraziari buruzko ulermenak gurean.
Hautatutako gazteek ez dute uste ordezkaritza-sistemak beren interesak defendatzeko balio dienik. Lotura estuagoa dute liderrekin, baina liderrek dinamika demokratikoan zer-nolako garrantzia izan dezaketen ere ez dute argi ikusten. Ez dute barneratua alderdi eta buruzagien arabera antolatzen den antzinako ordezkaritza-sistemaren liturgia.
"Desafekzio edo etsipen hori ere adierazi nahi genuen, eta kizombak ederki asko transmititzen du hori. Kasu honetan, politikagintza profesionala eta zirkulu parlamentarioa hartu genituen hizpide. Bideokliparen bidez, mitin politiko bat eta politikarien arteko akordioak fikzionatu nahi izan genituen, guk hauteskunde-iruzurtzat daukaguna gaitzat hartuta. Hauteskundeak ziren, eta kasualitatez gertatu zen, baina uste dugu posibilitatea bera paradoxa polita izan zela".
↗ TikTok - make your day. (s/f). Tiktok.com. Azken aldiz 2024ko ekainaren 5ean ikusia @gaztea profilean.
Nabigatzen aritzen diren mundu digitalean ez dago ordezkaritzaren noziorik, demokrazia liberalak hura ulertzen duen moduan hartuta. Komunitate digitaletan beren interesak ordezkatzen dituzten subjektuekin elkarreragiten dute. Eskubide osoko subjektuaren ideia horrez gain, gazteek beste ideia hau ere badute: komunitate askotako kide izateak ez dituela modu homogeneoan definitzen, pertenentzia ez delako erabateko identifikazioaren pareko. Subjektu gisa ibiltzen dira gune digitaletan barrena (aktiboki zein ez), eta gune-amalgama horren askotariko geruzekin identifikatzen dira.
Beren sozializazioa naturalizatzeko erabiltzen duten logika horretatik abiatuta, gazteei guztiz arrotza zaie lider bakarreko alderdi bakarrak taldearen iritziak ordezka ditzakeelako ideia. Influencer-aren figura ere ez dator bat paralelismo politikoarekin, gazteek ez baitute haiengandik espero beren interesak defendatzerik; entretenimendua eta iritzia, besterik ez dute bilatzen.
Kontua, beraz, ez da gazteen ahotsa aintzat hartzea, baizik eta liturgia demokratikoak eraikitako ordezkaritza-esparru normatiboa bera aldatzea. Gazteen ustez, ordezkaritzaren logika tradizionalak —batetik, subjektu gisa, ordezkariak, hala nola alderdi politiko eta buruzagiak; bestetik, objektu gisa, mendekoak, hala nola gazteak— ez die beren ahotsa eremu politikora eramateko bidea ematen.
Ordezkaritzak adiera berriak ditu gazteen lexikoan, edo, bestela esanda, ordezkaritzak ez du ezer esan nahi beren taxonomia demokratikoan.